lunes, 26 de mayo de 2008

Arbel elektronikoaren garaia iritsi ote da?

Aspaldiko partez, berrikuntza bat ordenagailuen alorrean. Joan den ostegunean Microsoftek eta hainbat ordenagailugilek aurkeztu zuten produktu berri bat: Tablet PC izena du, alegia, arbel elektronikoa. Baina hemen ere, pilo guztiak ez omen dira metak.

Nolakoa da, baina, arbel elektronikoa? (Artikulu honen amaieran ikus dezakezu hainbat adibide, argazkiak klik eginez gero). Neurriz eta pisuz ematen du ordenagailu eramangarri bat, baina bestela tekla bidez egiten diren hainbat eta hainbat lan, bolaluma bat erabilita egiten dira hemen, pantailan idazten duen bolaluma bat. Egitura ere ez da ordenagailu eramangarriena.

Aspaldi eskolan erabiltzen ziren arbelen tankera du tramankulu berriak, baina arbela bera barik, pantaila bat du goialdean. Erabil daiteke etzanda edo angelua egiten, irakurtzeko. Modelo batzuek badute teklaturik eta bata zein bestea erabil daitezke, teklatua edo arbela. Beste batzuk arbel elektroniko hutsak dira, nahiz eta erants dakiekeen teklatua.

Microsoft Journal

Arbel elektronikoak erabiltzen du Windows XP sistema eragilearen bertsio berezi bat, posible egiten duena eskuz idatzitakoa jasotzea eta ezagutzea. Programa txiki bat dauka, Microsoft Journal, egina oharrak-eta eskuz idazteko eta utilitate bat du, Tablet Input Panel, testua sartzeko beste programa batzuetan.

Walter S. Mossberg kazetari amerikarrak tramankuluok frogatu eta iritzi hau azaldu du The Wall Street Journal egunkarian:

Alde onak

  • Oharrak eskuz idatzi, gorde eta bila ditzakezu.
  • Dokumentu luzeak errazagoak dira irakurtzeko ordenagailu eramangarrietan baino.
  • Oharrak idatz ditzakezu PowerPointen egindako diapositibetan.

Alde eskasak

  • Zaila da zenbait komando erabiltzea bolalumarekin.
  • Testua bolalumarekin sartzea da lan baldar eta hanka sartzez betea.
  • Eskuz idatzitakoa ezagutzeko funtzioa balekoa izan daiteke, baina errakuntza asko dauzka.

Oraindik akatsak handiak direla eta, Mossbergek ez du uste arbel elektronikoak oraindik gertu daudenik masa merkatuetara iristeko. “Banaka batzuek erosiko dituzte, hala nola zenbait teknofilok, oharra eskuz hartzeko desiatzen daudenak eta pantailan irakurtzen ordu asko igaro behar dituztenek”.

Prezioei dagokienez, arbel hauek 1.800 eta 2.400 euro artean kostatzen dira, modeloaren arabera. Hau da, ordenagailu eramangarriek baino 250 euro gehiago.

No hay comentarios: